IRTENBIDE

ELEKTRONIKA

Adierazgailu elektroniko edo elektriko bat eraikitzea| Materialak | Erremintak | Xafla zirkuitu imprimaturako prestatzea | Eskema

 

I3.- Adierazgailu elektroniko edo elektriko bat eraikitzea


* * * OINEZKOENTZAKO BALIZA ADIERAZLEA***

Proiektu honen diseinuak eta garapenak adibide baten bidez I2 unitateko proposamena adieraztea du helburu.
Aurretiko ezagutzaren mailak irtenbideen aplikazioa eta bilaketa baldintzatuko du. DBHko lehenengo zikloaren amaiera aldera gauzatu ahal izateko oinarrizko osagai elektronikoak, oinarrizko mailan eta saiakuntza modura erabiliko direnak, erabiltzea eskatzen duten proposamenak aurkeztu ahal izango ditugu.
Lortu beharreko helburuak P1 proposamenean eta unitatearen planteamendu orokorrean zedarritu ditugunen berdinak izango dira. Hala ere, proposamenak bide segurtasunaren inguruko gaiekin duen erlazioa ikusita “zehar lerro” horri buruzko berariazko helburuak ere har genitzake barne. Horretarako, trafiko-seinaleei eta zirkulazio-arauei buruzko ezagutzaren inguruko jarduera batzuk programatuko ditugu eta zuhur jokatzeak eta arau horiek errespetatzeak dakartzan abantailak ikusaraziko dizkiegu. Zirkulazioko arauekiko eta seinaleekiko kontaktu horrek (normalizazioak) bidea irekiko digu eta ondoren III1 unitatea —unitate horrek adierazgailuak diseinatu eta prestatzeari egiten dio erreferentzia, horrek berekin dakarren guztiarekin; irudiak eta egoerak aztertzea— oinarritu eta garatu ahal izateko euskarriak eskainiko dizkigu. Halaber, sor ditzakegun adierazgailuen zeregin normalizatzailea erraztuko du.

Hainbat seinaleztapen-sistema aztertu ondoren, led pare bat txandaka piztu eta itzaliko dituen multibibratzaile bat eraikitzea erabaki dugu. Proiektuaren izaera elektronikoa denez, honako material hauek eskuratu beharko ditugu:

ZIRKUITU INPRIMATURAKO:

1/ Kobrezko xafla. (Komeni zaigun tamainara zatika dezakegu, inguratzeko zerra bat erabiliz).
2/ Errotuladore berezi bat (zirkuitu inprimatuak marrazteko).
3/ Material korrosiboaren disoluzioa gordetzeko ontzi edo azpil bat (badira zuzenean erabiltzeko prestatutako disoluzioak eta osagai elektrikoen salmentan espezializatutako dendetan izan ohi dituzte); disoluzioak norberak prestatuz gero, gogoan izan behar da horiek nahasteko egurrezko edo plastikozko elementu bat erabili behar dugula, bestela azidoak metalari eraso egingo lioke eta.

OSAGAI ELEKTRONIKOAK

560 ohm-eko 2 erresistentzia.
100 kohm-eko 2 erresistentzia.
10 mikrofarad-eko 2 kondentsadore.
137 BDko 2 transistore
5 mm-ko diametroko 2 diodo gorri.

BESTE MATERIAL BATZUK:

9 v-ko pila bat.
Eztainua.
Inguratzeko zerra / puntzoia / barauts fineko zulatzeko makina / 25 Wko soldagailua / mailua / ebakitzailea.

OPERAZIO TEKNOLOGIKOAK

Diseinua / zirkuitu inprimatuaren xafla moztea eta prestatzea / xaflan zuloak egitea / osagai elektronikoak soldatzea.

PROZESU TEKNOLOGIKOA

Osagai elektronikoen kokaleku izango diren pistak eta irlak marraztuz hasiko gara (horretarako errotuladore berezia erabiliko dugu) eta ondoren, xaflatik kendu behar dugun kobrearen korrosioari egingo diogu.
 

Xafla disoluzio korrosiboan murgildu ondoren, aldizka mugitu beharko dugu azidoak xafla metalikoari homogeneoki eraso diezaion. Prozesu honen iraupena azidoaren purutasunaren araberakoa izango da. Prozesu horretan zehar arreta berezia eskaini behar zaio garbitasunari (disoluzio azidoak zikindu egiten du) eta segurtasunari (azido bat da eta, horrenbestez, kontuz erabili behar da).

Errotuladorearen lerroak babestu ez duen kobre guztia desagertzen denean, xafla ur askorekin garbituko dugu eta ondoren errotuladorearen arrastoak disolbatzaile batekin garbituko ditugu. Garbiketa-lana amaitu ostean, lortutako zirkuitu inprimatua sakon berrikusiko dugu eta gisa horretan pistetako ebakiak edo egindako zirkuitua baliorik gabe utz dezaketen akatsak detektatu ahal izango ditugu.

Xaflan behar adina zulo egingo ditugu, kalibre txikiko barautsa (1 mm) duen zulatzeko makinaren laguntzaz —barautsaren biraketa zulatuko dugun islaren gainean zentratzeko, komenigarria da puntu txiki batzuk egitea, gisa horretan biratzerakoan barautsa irrista ez dadin—. Egindako zuloetan osagai elektronikoen hankak soldatuko ditugu.

OHARRA:

Merkatuan badira oinarrizko muntaia elektronikoei, zirkuitu inprimatuen xaflak prestatzeko operazioei, soldadura-teknikei eta abarri buruzko hainbat eskuliburu. Gure unitatearen asmoak direla eta gai horiek ez ditugu sakon garatuko.

 

Proposamen hau gai honi buruzko aurretiazko ezagutza duten eta soldadurari, zuloak egiteari eta abarri buruzko ezagutza duten ikasleei zuzendutakoa da

Dena dela, beheko argazkian aurkeztuko dugun multibibratzailea DBHko ikasleek elektronikaren mundura egindako lehen hurbilpenaren emaitza da. Proiektua egiten ari ziren bitartean zirkuitu inprimatuak egiteari, soldadurari eta proposamena gauzatzeko beharrezkoak diren beste operazio teknologiko batzuei buruzko alderdiak azaldu genizkien.

Ondorengo marrazkian multibibratzaile berdina ikus dezakegu, DBHko bigarren zikloko adineko ikasleek egindakoa.

Desberdintasunak begi-bistakoak dira, izan ere, zirkuitu inprimatua miniaturizatu egin dutela eta osagaiak razionalki banatu dituztela ikus dezakegu. Desberdintasun hori adin-desberdintasunari eta proposamen elektronikoak egiteko duten esperientziari zor zaie.