Planteamendu Orokorra | Unitate Didaktikoaren Asmoa | Unitatearen Helburuak| Aurretiko Ezagutza |Garatu Beharreko Edukiak | Proiektuaren Faseak: Fase 1 _ Fase 2 _ Fase 3_ Fase 4 _ Fase 5 _ Fase 6 _ Fase 7 _Fase 8.

__ 1 _ .PLANTEAMENDU OROKORRA –

Unitate hauen garapena beste komunikazio modu batzuk (seinale argidunak, piktogramak, seinale akustikoak, banderen bidezko komunikazioa eta abar) beharrezkoak direla ulertzera eta mezuak igortzea ahalbidetzen duten kode batzuen normalizaziora bideratutakoak dira. Horrek guztiak hainbat komunikazio premia (arrisku-egoera posible bat adieraztetik mezu bat igortzea bezalako egoera konplexuago batera) aseko dituzten irudimenez landutako aparatu eta mekanismoak garatzera gonbidatzen gaitu.

Unitate hauek beren garapena Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza osatzen duten bi zikloetan zehar egitea ahalbidetzeko moduan daude diseinatuta. Horretarako, ordea, helburuak eta lan-proposamenak eskolako aldi horrek barne hartzen dituen mailetara egokitzen jakin beharko dugu.

Unitate hauen planteamenduan eta garapenean zientzien, teknologiaren eta adierazpen bisual eta plastikoaren arloak integratu nahi genituzke. Horrekin guztiarekin ekintza oso eta bateratzailea lortuko dugu. Gisa horretan jakintzagaien arteko koordinazio-ezari gailenduko gatzaizkio eta aldi berean ordutegiaren inguruan izan ditzakegun gabeziak gaindituko ditugu.

_ 2 _ .UNITATE DIDAKTIKOAREN ASMOA--

Unitatearen ardatz gisa lan-proposamen batzuk erabiliko ditugu. Horiek hiru multzotan bildu ditugu:

_ a) Seinaleztapena: intermitentziak sortzea.
_ b) Komunikazioa / Normalizazioa.
_ c) Sinbologia edo/eta seinaleztapena – irudikapen ikonikoa.


PROPOSAMENAK:

I1 – Intermitentziak sortzen dituen makina elektro-mekanikoa eraikitzea.

I2 – Adierazgailu elektriko edo elektronikoa eraikitzea.

II1 – Pultsadore, txirrin eta argien bidez, komunikaziorako aparatu sinpleak eraikitzea. Horrek normalizazioa eskatzen du.

III1 – Eskola inguruneko edo beste edozein ingurunetako adierazgailuak diseinatzea eta prestatzea. (Piktogramak/errotuluak). Normalizazioa eskatzen du.


Unitatearen helburua (DBHko lehenengo mailetan) analisien eta proiektuen metodoan oinarritutako lan-metodologia sartzea da. Gisa horretan metodologia hori DBHko bigarren zikloan aplikatzea eta garatzea sustatuko dugu.

_ 3 _ .UNITATEAREN HELBURUAK

Unitate didaktiko hau bertan zientzien, teknologiaren eta plastikaren arloak barne hartuz garatuko denez, inplikatutako arlo horietako bakoitzeko berariazko xedeak aseko dituzten helburuen multzoa hartu beharko dugu aintzat.

* Ondoren adieraziko ditugun helburuak proposatutako jardueretan zehar garatuko ditugu.

_ ADIERAZPEN BISUAL ETA PLASTIKOKOAREN ARLOKOAK:

a) Analisi-helburuak, trebetasunak eta gaitasunak.

_ Sakontasun-maila desberdinarekin aztertzea ingurunetik dagozkigun sentsazioak.

_ Sentsazioak eta inpresioak hautatzeko gaitzea, horiek sailkatzen eta barneratzen saiatzeko.

_ Natur ingurunetik datozkigun seinaleen eta sinboloen multzoa bereiztea eta aztertzea (sinbologia eta forma eta kolorea animalien munduan erabiltzea: bizirauteko bide gisa, kamuflatzeko modu gisa, ohartarazteko, defentsa pasibo gisa eta abar). Horiek erkatu egingo ditugu, ingurune hurbiletik (etxeko, hiriko, industriako… inguruneetatik) iristen zaizkigun seinale eta sinboloekin izan ditzaketen paralelismoak behatzeko.

_ Gaitasun psikomotorea sustatzea.

_ Adierazpen grafikoaren gaitasuna garatzea.

b) Jarrera plastikoaren inguruko helburuak.

_ Gustu estetikoa garatzea.

_ Abstrakziorako gaitasuna garatzea.

_ Sorkuntza artistikoetatik datozen mezuen inguruko hartze- eta baloratze-gaitasuna estimulatzea.

_ TEKNOLOGIAREN ARLOKOAK:

a) Objektu eta proposamen teknologikoen analisia, diseinua eta eraikuntza.

_ Pentsamendu logikoaren garapena sustatzea.

_ Kontzentratzeko/abstraitzeko eta abstraitzeko/kontzentratzeko gaitasuna lantzea.

_ Taldetan lan egitera ohitzea.

_ Lanerako bitarteko gisa ahozko, idatzizko adierazpena eta adierazpen grafikoa erabiltzea eta lantzea ahalbidetzea.

_ Izpiritu kritikoa eta hausnarketarako gaitasuna garatzea.

_ Neurketarako eta behaketarako tresnarik sinpleenak erabiltzea.

_ Ikerketa zientifikoak edo saiakuntza sinpleak deskribatzen dituzten testuetan planteatutako problemak edo formulatutako hipotesiak identifikatzea.

_ Diseinuaren bideragarritasuna eta proposamena gauzatzerakoan duen aplikazioa ikertzeko balioko duen saiakuntza sinplea egitea eta muntatzea.

_ Lortutako datuak aztertzea eta kritikatzea. Irtenbideak argituko dituzten ondorioak prestatzea.

_ Memoria bat egitea.

b) Proiektuen metodoa tresna egituratzaile eta lan-euskarri logiko gisa.


_ Ikasleei lanerako teknika hau eskaintzea.


_ Planteamendu konstruktibistak erabiltzea prozesu eta proiektu teknologikoak garatzeko.

4 _ AURRETIKO EZAGUTZA --

"Aurretiko ebaluazioa" ikasleen ezagutza-mailaren, aurre-kontzeptuen eta heldutasun psikomotorearen orientazio gisa. Lanean hasterakoan hori lehentasunezko eta oinarrizko zeregina izango da ikasle-talde baten “aurretikoak” zein diren ezagutzen ez dugunean.

a) PLASTIKA.

- Marrazketarako tresnak eta materialak (arkatzak, erregela, eskuaira, kartaboia, konpasa, eskalimetroa eta abar) menderatzea.

- Koloreei buruzko oinarrizko ezagutza. Orokortasunak.

- Kolorea/seinaleztapena erlazioari eta oinarrizko sinbologia kromatikoari buruzko oinarrizko ezagutza.

-Pintatzeko oinarrizko erremintak (pintzelak, brotxak, espatulak, langargailuak, arrabolak eta abar) ezagutzea eta erabiltzea.

- Pintura material gisa (oinarrizko ezagutza). Motak, aurkezpena eta erabilerak.

b) TEKNOLOGIA.

- Neurtzeko tresnak.

- Eraikitzerakoan eta praktikan zientzien arloko printzipio eta oinarrizko ezagutza teorikoak aplikatzea.

- Erreminten oinarrizko ezagutza.

- Frogatze eta neurtze elektrikorako aparatuei buruzko azaleko ezagutza.

- Oinarrizko materialen (egurraren, kartoiaren, latorriaren eta abarren) propietateei eta erabilerari buruzko oinarrizko ezagutza.

- Makina sinpleak eta elementu/operadore mekanikoak (oinarrizko ezagutza).

- Efektu elektrikoak eta horien aplikazioak (oinarrizko ezagutza).

- Zirkuituei eta operadore elektriko sinpleei buruzko ezagutza (oinarrizko ezagutza).


5 _ GARATU BEHARREKO EDUKIAK --

Plastikako klaseei dagokienean:

___ Analisian eta behaketan __

_ Seinaleen sistemak eta sinbologia zuzenean edo/eta ikus-entzunezkoen bidez behatzea, arreta berezia eskainiz horien normalizazioari eta horiek mezu-igorle gisa duten erabilerari.

_ Seinaleen sistemak eta sinbologia behatzea alderdi kromatikoei eta formalei arreta berezia eskainiz.

_ Diseinu ikonikorako gaitasuna garatzea, mezuaren igorpenaren kalitateari eta bitarteko formalen eta kromatikoen ekonomiari jarraiki. (Horrek abstrakzioa ondo menderatzea eskatzen du, igorpenean ahalik eta argitasun handiena lortzeko).

___ Bitarteko plastikoen eremuan___

_ Lanen irudikapen grafikoan marrazketa- eta pintura-tresnak zuzen erabiltzea.

_ Pinturak eta pintura-teknikak ezagutzea eta erabiltzea. (Ezagutza hauek pixkanaka garatuko dira DBHko bi zikloetan zehar).

_ Ebakinak eta fotokopiagailua (fotokonposiziorako hastapenak) modu sortzailean erabiltzea, beren adierazpen-gaitasuna sustatuko duten irudiak eta muntaiak lortzeko.

_ Esku hutsez, bozeto eta krokis bidez, eskalara edo akotatuta sortzeko/irudikatzeko teknika grafikoak erabiltzea eta garatzea.

Teknologiako klaseei dagokienean:

_ Seinaleztapenean erabilitako elementu eta objektuei buruzko ikerketa, dokumentazio-euskarria eta ikus-entzunezko materiala. Problema kokatzen saiatuz eta arrastoei jarraituz irtenbide egokiak lor ditzakegu.

_ Teknologiaren munduarekin zerikusia duten hitz berriak sistematizatzea eta horiek adierazpenetan zuzen eta egoki erabiltzea.

_ Analisiaren metodoa erabiltzea seinaleak igortzen dituzten aparatu-mota batzuk behatzeko eta manipulatzeko premia asetzeko eta maila formalean eta kromatikoan aztertzea logotipoak, piktogramak eta gure eguneroko inguruneko sinbologia ikoniko oro.

_ Ikasleek zeharkako behaketa-baliabideak erabiltzea: aldizkari teknikoak, liburuak, foiletoak, bideoak eta argigarri izan daitekeen material oro.

_ Sinbologia elektriko eta elektroniko erraza ezagutzea eta aplikatzea.

_ Neurtzeko tresnak (metroa, eskalimetroa – txikiagotze- eta handitze-eskalak, angelu garraiagailua eta abar) ezagutzea eta erabiltzea.

_ DHko (Derrigorrezko Hezkuntzako) lehenengo mailetan polimetroa erabiltzea muntaia elektrikoetan jarraitasuna egiaztatzeko tresna gisa eta hurrengo mailetan pixkanaka aparatuak ahalbidetzen dituen neurtzeko aukera guztiak erabiltzea.

_ Materialak beren ezaugarri fisikoei dagokienean (propietateak: eroaleak / isolatzaileak / zurrunak / malguak eta abar) eta mekanizatzeko, iltzeztatzeko, ebakitzeko, itsasteko eta abarretarako aukerei dagokienean ezagutzea.

_ Lotura-bide kimikoak (kolak eta abar) eta metalikoak (iltzeak, begidun torlojoak, gabilak, torlojoak eta abar) ezagutzea eta erabiltzea.

6 _ PROIEKTUAREN FASEAK

Garrantzitsua deritzogu “Proiektuaren jarraipenaren laburpen-fitxa” bat egiteari. Fitxa hori ikasleena nahiz irakasleena izan daiteke (batzuetan eta besteetan itemak desberdinak izango dira). Hori egiteak, irakaslearen kasuan, bere jarduketa erraztuko duen sintesi egituratu bat eskura izatea dakar berekin.

PROIEKTUAREN FASEEN GARAPENA


1- FASEA Aurkezpena eta motibazioa

Ardatz gisa lan-proposamen batzuk, PROIEKTUEN metodologian oinarrituta garatutakoak, erabiliko ditugu. Metodologia horrek edozein prozesu mailaka garatzeko aukera eskaintzen dio ikasleari. Hori dela eta, ikerketa-zeregina eta gauzatze-prozesua egituratuagoak izango dira. Gainera, aldi berean beste curriculum-zeregin batzuei sistematikoki aurre egiteko jada eraginkorra dela egiaztatu den tresna bat izango dugu.

Hasiera batean proposamenak abstraktu samarrak irudi dakizkieke eta hori dela eta, bideoaren, diapositiben, ebakinen eta abarren bidez eta programatutako irteerak eginez, gizakia etengabe soinuen, argien, koloreen eta abarren labirintu baten barnean murgilduta dagoela egiaztatuko dugu. Horiek, hainbat sinbologiaz baliatuz, hamaika mezu komunikatzen saiatzen dira.

Aurkezpen horren ondoren gaia erabat irauli dezakegu eta gaia jolasaren inguruko modu atseginagoan aurkez dezakegu. Horretarako jolas batzuk proposatuko ditugu. Honakoak izan litezke:

a) Seinaleztapen eta zirkulazio-araudiko katetoak (kartak).
b) Taldeen arteko mimika-komunikazioa.
c) Marrazkiak, mimika edo definizioak erabiltzen dituen merkaturatutako jolasen bat klasean erabiltzea.

Baita honakoa ere:

d) Instalazio elektrikoen bidezko urrutiko komunikazioa (gelatik gelerakoa). Instalazio horiek bonbiletara, txirrinetara eta abarretara konektatutako oso zirkuitu errazen bidez egingo ditugu. Gisa honetako jolas batek partehartzaileek normalizazio-zeregin bat egitea eskatzen du, igorritako soinuen eta distiren multzoak adierazia izan dezan.

Oharra:

**** Ikus dezakegun gisan, jolasak egiterakoan seinaleak igortzeko, sinboloak erabiltzeko eta zeinu eta seinale horiek ulertzeko moduan normalizatzeko premia sortzen da, mezu bat igortzea lortzeko.

**** "Zehar-lerroa" – BIDE-HEZKUNTZA – Unitatearen fase honetan har genezake barne.

 

2. FASEA Arazo tekniko bat konpontzeko premia.

Azaldutakoaren premia eta erabilgarritasuna ulertu ostean, ikasleei ahalik eta modurik praktiko eta sortzaileenean lan ditzaten nahi genituzkeen lan proposamenak aurkeztuko dizkiegu. (Horrek irtenbideak proposatzerakoan askatasun-maila handi samarra eskatzen du).

Proposamenek nabarmen izango dute eragina beren interesen eremuan eta alderdi hori oso garrantzitsua eta oso kontuan hartzekoa da, izan ere, irrealak diren eta beren mundutik oso urrun dauden planteamenduak bitxiak irudituko litzaizkieke eta baztertu egingo lituzkete.

Proiektuaren “hasierako fase” hau klasean ondo aurkezten jakitea oso garrantzitsua da, ikasle guztiek izan behar baitute argi zer lortu nahi dugun planteatu dugun arazo teknikoa konpontzearekin.

Une honetan proiektuaren mugak ere adierazi behar genituzke: denboralizazioa, aurkezpena, memoria egitea eta bateratze-lana prestatzea (bateratze lan horretan komunikatzeko duten gaitasuna garatuko dute eta proiektuak egiterakoan jarraitutako prozesua gelari argitzeko materiala prestatuko dute).

3. FASEA – Hautatutako materialaren bateratze-lana

Ikasleek dokumentazio-materialaren eta analisiaren aurkezpena egingo dute, horrekin beren ikuspegia aberastea eta proposamenak garatzeko oinarriak gehiago sendotzea lortzeko. Ekarri horrek eta irakasleak nahastutako alderdiak zehazteko eta xehetasun berriak aurkezteko egindako eskuhartze puntualek osatuko dute proiektuaren garapen praktikoaren oinarria.

ASMOAK:

F3.1- Ikuspegi historikoaren analisia.

F3.2- Azterketa zientifikoaren elementuak.

F3.3- Analisi funtzionala eta formala.


F3.1-
Ikuspegi historikoaren analisia: Seinaleztapen-sistema desberdinen bilakaera historikoaren dokumentazioa eta azterketa analitikoa.
.
Aurkeztutako informazioa desberdina izan daitekeenez, puntu honetan komenigarria izan liteke irakaslearen eskuhartzea, ikasleek ekarritako materiala egituratzeko eta modu koherenteago batean aurkezteko. Informazioa sistematizatuko dugu eta aurkeztutako suposizioen bilakaerari eta alderdi puntualei buruzko irakurketa/eztabaida egingo dugu.

F3.2- Azterketa zientifikoaren elementuak: Atal honetan proiektuekin zerikusia duen oinarrizko ezagutza zientifiko guztia hartuko dugu barne (fisikaren, naturaren eta gizartearen alderdiei dagokienean).

F3.3- Analisi funtzional eta formala: Seinaleztapenerako hainbat “sistema/aparatu” aztertuko ditugu. Horien alderdi funtzionalak, formalak eta kanpoko ingurunearekin dituzten harremanak aztertuko ditugu.

 

4. FASEA – Ereduak hautatzea, diseinatzea eta eraikitzea.

Aurreko faseen ondoren (informazioa jasotzea, bateratze-lana eta abar) eraikitzeko ereduak proposatuko ditugu. Horiek gauzatzeko ekarpen dokumentalak izango dituzte eta horiek egiterakoan irtenbide berriak sor daitezen ahaleginduko gara.

ERAIKITAKO PROIEKTUEI BURUZKO EKARPEN DOKUMENTALA:

I1.- Intermitentziak sortzen dituen makina elektro-mekanikoa eraikitzea.
*** INTERMITENTE ELEKTRO-MEKANIKOA***

I2.- Adierazgailu elektroniko edo elektrikoa eraikitzea.
*** OINEZKOEN EGOERAREN ADIERAZLEA***

II1.- Pultsadore, txirrin eta argien bidez komunikaziorako aparatu sinpleak eraikitzea.
*** TELEGRAFO ELEKTRIKO OPTIKO-AKUSTIKOA***

III1.- Eskolako inguruneko elementu adierazleak diseinatzea eta egitea.
*** IKONOAK / PIKTOGRAMAK***

5. FASEA Azterketa teknologikoko elementuak.

Proiektua zuzen garatzera eta egitera iristeko, ikasleek marrazketako, metrologiako, teknikak, materialak/erremintak eta abar menderatu behar dituzte.

*** Marrazketa teknikoari buruzko bibliografia eskain genezake, irakasleak erabil dezan. Horrenbestez, berea izango da horiek Derrigorrezko Hezkuntzako maila desberdinetan sekuentziatzea, material edo/eta alderdi interesgarrienak hartuz.

*** Ekarpen dokumental osagarriak ere egin litezke (erremintak, metrologia eta abar).

F6. FASEA – Memoria prestatzea eta aurkeztea

Taldeek memoria bana egingo dute (taldeko kideek memoriaren kopia bana izan beharko dute beren artxibo pertsonalerako eta memoriaren f atalaren garapenean beren erantzuna pertsonalizatu beharko dute). Berorren garapenaren jarraibideak irakasleak emango ditu:


LAN-TALDEAREN MEMORIA


a) AZALA.

- Izenburua.
- Taldea identifikatzeko logotipoa.
- Taldekideak.
- Maila.
- Taldea.

b) AURKIBIDEA.- Edukiaren orrialdeak.

c) AURKEZPENA.
- Lanaren helburuaren azalpena.
- Justifikazioa.

d) GARAPENA.
- Marrazkiak (krokis akotatua).
- Eraikuntza-prozesuaren azalpena.
- Materialak eta erremintak.
- Balorazio ekonomikoa.
- Plano zehatzak.

e) BATERATZE-LANAREN AZALPENERAKO MATERIALA
- Gardenkiak.

- Diapositibak / argazkiak / ebakinak / hormirudiak / grafikoak.

f) EGINDAKO LANAREN BALORAZIO PERTSONALA
- Banakako gisa.
- Talde gisa.
- Zereginen banaketari dagokionean.
- Balorazioa:
_ maila teknikokoa (zailtasun-maila).
_ maila efektibokoa (errealitatearekiko inbrikazioa).
_ maila afektibokoa (kideen arteko komunikazioa).

g) ERAIKUNTZA-MATERIALAK.
- Lokalizatzeko arrastoak.

- Hori manipulatzerakoan sortzen diren zailtasunak eta eraginak.

h) BIBLIOGRAFIA.
- Izenburua.
- Egilea.
- Argitaletxea.
- Argitaratze-data.

7. FASEA Proiektuen bateratze-lana.

Garrantzi handia emango diogu bateratze-lanari, horren bidez biziko baititugu sortuko diren arazoak eta horien bidez azalduko baitiete beren ikaskideei aplikatu dituzten irtenbideak. Horrenbestez, komunikatzeko egiten duten ahalegina indartzeko, azalpen-materiala prestatzeari / biltzeari eskainitako atal bat (e atala) jarri dugu memorian, bateratze-lanaren garapena hobea izatea lortzeko asmoz. Lan hori egin bitartean eraikitako aparatuen funtzionamendua egiaztatuko dugu.


8. FASEA Ebaluazioa.

Ebaluazioak, logikoa denez, Garapenaren Dekretuan zehaztutako irizpideak hartuko ditu kontuan, betiere horiek ikastetxearen, ikasleen, ingurunearen eta abarren inguruko aldagaietara egokituta. Halaber, unitatea praktikan jartzerakoan ikasleek lortutako gaitasunen garapen-maila zehazten saiatuko gara, horiek unitate honetan eta beste batzuetan proposatutako helburuekin erlazionatuz.

Ugariak dira ebaluaziorako erabil ditzakegun tresnak: erregistratutako behaketa sistematikoa, ikasleek aurkeztutako proiektuei buruzko memoria/dokumentazioa nahiz edukien tipologiatik bertatik datozen faktoreen analisia. Horrezaz gain gogoan izango ditugu autokritika eta besteek egindako garapen eta planteamenduen balorazio positiboa erraztuko duten galderen bidez egin daitekeen autoebaluazioari eta heteroebaluazioari buruzko alderdiak.

Horietan lortutako emaitzek proposatutako unitatea berregokitzea edo hurrengo unitate didaktikoetan egoki irizten diren egokitzeak egitea ahalbidetuko digute (hori beharrezkoa izango balitz). Nolanahi ere, kontuan izan teknologiaren arloan prozesu teknologikoaren jarraipenari berari azkenean lortutako emaitzari baino arreta handiagoa eskaini behar diogula. Horrek ez du esan nahi azken emaitzak ez duenik balio. Alabaina, nabarmena da positiboki baloratzen dela hasierako proposamenaren eta garatutako azken produktuaren arteko bidea.