Esperientziak berak,
behaketak eta gertakarien azterketak erakusten digute badirela arrakastaz
konpontzeko erantzun azkarra eskatzen duten egoera problematikoak. Bestalde,
azkar jokatu ahal izateko ezinbesteko baldintza da ekintza egokia ulertzen
eta abiarazten lagunduko digun mezu argi eta zuzenak (irudiak, marrazkiak,
zeinuak, piktogramak…) gu bideratzea.
Lehenago planteatu dugunaren
arabera, aipatu dugun egoera problematiko hori arrisku-egoera bat izan
litekeela ondorioztatzen dugu. Alabaina, badira ulertzeko eta irtenbidea
aurkitzeko aipatutako piktogramak (marrazki soilak, marrazki eskematikoak)
erabiltzen dituzten beste hainbat egoera-mota. Horien bidez idazketarena
baino indartsuagoa eta zuzenagoa izango den flash komunikatibo bat lortzen
dugu. Kontzeptua zehaztuz esan genezake piktograma hitza bi terminoren
baturatik datorkigula: bata latindarra da, pictus (pintura),
eta bestea greziarra, grafos (idatzi).
Sinbolo ikonikoa esan nahi du. Ikonotasun hori da, hain zuzen ere, elementu
komunikatibo gisa benetan baliagarri izatearen arrazoia.
Gizateriak beti erabili
izan ditu sinboloak komunikatzeko. Sinbolo horietatik, historiaren lehen
garaitik bertatik erabili zirenetatik, eratorritakoa dugu idazketa.
Bitxia badirudi ere,
gure ingurunera begiratuz gero, sinboloen bidezko komunikazio horrek
zein garrantzi duen ikus dezakegu eta ia ziurta genezake dagokion ikonoak
(piktogramak) irudikatzen duen giza jarduerarik edo egoerarik ez dagoela.
Zeinuak erabiltzeko
zaletasun hori ez dugu ulertu behar hasierarako atzera bidea bailitzan.
Aitzitik, munduan hamaika hizkuntza hitz egiten dira. Hori alde batetik
aberastasun gisa ulertu behar dugu, baina, bestetik, komunikazio unibertsalerako
oztopo ere bada. Horretantxe du, hain zuzen ere, komunikazio ikonikoak
bere benetako dimentsioa, egun batetik bestera oso herrialde desberdin
eta urrunetan, beren artean milaka kilometro dituztenetan, egon daitezkeen
munduko herritarren gida gisa. Mugikortasun hori, orain gutxi arte pentsaezina
zena, dela eta guztiz beharrezkoak dira komunikazio-sistema piktografikoak.
Edozein modutan, sinboloak
garaian garaikoak dira neurri batean; hori dela eta, gaur egun informatikaren
eta telekomunikazioen gorakada dela medio eta planeta-mailako komunikaziorako
sareak (Internet) zabaltzearen ondorioz, zibernauta deitu dugun bidaiari
berri bat sortu da, unibertsoko lekurik ezkutuenarekin segundo batzuetan
konekta dezakeen subjektua. Eta hortxe sortu da arazoa: nola ezartzen
da komunikazioa? Zein hizkuntzatan?.
Oro har ingelesa erabili
ohi da. “No problem”, baina ingelesa menperatzearekin arazorik
izanez gero, piktogramen belaunaldi berri bat dugu eskura, berez ordenagailuen
teklatuen sinboloetatik sortutako hizkuntza berri bat dena. Orain arte
adierazitako guztia kontuan izanik, begi-bistakoa da piktogramak ez
ditugula gutxietsi behar komunikaziorako elementu gisa. Hala ere, ikonoak
ugariak direnez, beharrezkoa da ikaskuntza-motaren bat.
Informazio ikonikoa
edo piktografikoa oinarrizko hiru motatan
banatuz bereiz dezakegu:
a)
Piktograma naturalistak, behatzaileak ulertzeko zailtasunik ez
dutenak eta ikasi behar ez direnak.
b)
Itzulitako sinboloak, aurretiazko ezagutza eskatzen duten piktogramak
(adibidez: trafiko seinaleak).
c)
Piktograma eskematikoak dira talderik konplexuena osatzen dutenak.
Horiek ezin dira ikusi batera deszifratu. Horien esanahiari buruzko
hausnarketatxoa egin behar da.
Hori argitu ondoren unitatearen zati honetan egingo ditugun garapen-proposamenei
arrakastaz heltzeko moduan gara. Espazioak, ibilbideak, arrisku-egoerak
eta abar adieraziko dituzten idiogramak, zeinuak, piktogramak eta abar
sortzea iradokiko dugu. Gisa horretan, diseinu-askatasuna emanez eta
sormenari bide emanez, lan-proposamena egiterakoan aurreikusitako helburuak
lortzea ahalbidetuko duten irtenbide argiak eta zehatzak sortuko dira.